Bilatu blogean

2015(e)ko urriaren 17(a), larunbata

PRACTICUM 1: lan kooperatiboa

Ikasgelako antolamenduan fijatu naiz eta mahaiak binaka daudela ikusi dut, nahiz eta azken egunean "U" forman jartzeko esan zien. Ondorioz, irakasleari antolamendu horri buruz galdetu nion.

Berez, ikasleak lau pertsonako taldeetan egon beharko zirela esan zidan, baina gela honetan hain talde handietan lanean aritzea zaila egiten dela azaldu zidan, ikusi dudan bezala, oso talde mugitua baita. Ondorioz, binaka jarri zituen, izan ere, talde-lanari garrantzi handia ematen dio eta ez zuen nahi ikasleek taldean lan egiten eta elkarri laguntzen ez ikastea.

Beste aldetik, joku-kooperatiboak egiten dituzte: elkarri lagundu behar direnekoa, pertsona batek bakarrik irabazten ez duena, baizik eta denek irabazten edo galtzen dute, eta horrela elkarrekin lan egiten ikasten dute ondo pasatzen duten bitartean.

Horrez gain, klasekideen artean arazo eta gatazka ugari izan dira aste honetan zehar (irakasleak dionez kurtso hasieratik ere izan dira). Horri konponbide bat emateko saiakeran, "Errespetuaren aldeko kontratua" prestatu genuen ikasleek elkarrekin eta gainerako pertsonekin ongi aritzera bultzatzeko. Kontratuaren arabera, elkarri errespetua izan behar diote, lagundu eta ondo tratatu, eta hori betetzen ez denean, elkarri kontratuan jartzen duena oroitarazi beharko diete eta horrez gain gometxa gorri bat jarriko dugu.
Hori guztia azaldu eta errespetuari buruz eta izan beharko luketen jarrerari buruz hitz egin ondoren, bakoitzak kontratua sinatu egin zuen eta ikastolako zuzendaria ere etorri zen klasera, kontratua sinatu eta ikasleekin pixka bat hitz egitera.

Arazoa konpontzeko oso ideia ona iruditu zait, ikasleek elkarri lagundu eta kontratua oroitaraziz, jarrera aldatu eta hobetuko baitute.

PRACTICUM 1: sentsazio ez hain gozoak

Egunak aurrera doaz eta ikasleak pixkanaka ezagutzen ari naiz. Ikusi dudanez, oso klase mugitua egokitu zait, umeek ez dakite isilik eta haien lekuetan eserita egoten, ez dira ordu guztia eserita eta atentzioa jarrita klasea jarraitzeko gai.

 Irakaslea aldiro errieta egiten aritzen da, baina irakaslea joaten denean eta nirekin geratzen direnean zintzoago egoten dira. Hala ere, arreta galtzen dute eta etengabe jolasean aritu nahi dute; horrez gain, hainbat froga egin dituzte: euskarakoa, matematiko-logikoa, ingurune... eta ikusi dudanez, ikasle hauek ez dute behar bezain beste ikasten etxean. Egia da kasu ezberdinak daudela gelan, izan ere badira 4 edo 5 ikasle lan egin eta emaitza onak atera dituztenak, baina orokorrean nahiko jarrera "pasota" dago.

Baina, egun batean, azken orduan nirekin bakarrik geratu zirenean gelan sartu eta batzuk gauzak botatzen hasi ziren, beste batzuk oihuka, besteak ez ziren isiltzen... Orduan nik isilik egoteko eskatu nien, klase-ordua zela azalduz eta bakoitza bere lekuan eseri behar zela. Hala ere, ez zidaten kasurik egin eta errespetu falta ikaragarria iruditu zitzaidan. Momentu horretan, ingeleseko irakaslea iritsi zen eta egoera ikusita oihu batzuk bota zituen eta argiak itzali. Ni aunitz urduritu nintzen ikasleen aldetik niganako horrelako jarrera ikusita eta gelatik irten behar izan nuen momentu batez.

Horren ondotik, ikasleekin hitz egin nuen eta jarrera hori onartuko ez nuela azaldu nien. Ez nuen uste horrelako errespetu falta izatera iritsi zitekeenik eta hain gaizki sentiaraziko nindutenik ere ez. Baina, hemendik aurrera badakit horrelakorik gertatzen bazait nola erreakzionatu behar dudan.

PRACTICUM 1: LEHENENGO EGUNA

Iritsi da eguna. Praktiketan hasi naiz Herri Ametsa ikastolan, 4.A ikasgelan egonen naiz hilabete batez.

Hasieran urduri nengoen, ez nuen ikastola ezagutzen, irakasleak, ikasleekin lehenengo harremana... Baina ikasgelan sartu eta bertako tutorearekin hitz egin ondoren eta umeak ikustean urduritasunak alde batera utzi nituen eta momentuaz gozatu eta ikasten hasi nintzen.

Ikasleak inolako lotsarik gabe hurbiltzen ziren niregana eta galderak egiten zidaten: "Nor zara? Nola izena duzu? Zer egiten duzu hemen? Noiz arte geratuko zara?". Horrek aunitz harritu ninduen, izan ere nik haien adina nuenean oso lotsatia nintzen eta ez nintzen ezezagun bati lotsarik gabe hitz egitera ausartzen.

Klaseak hasi ziren eta azterketak zituzten lehenengo eta bigarren orduan, beraz mahaiak banandu eta azterketa egiten hasi ziren. Orduan, irakaslea eta nik haien zalantzak argitzen saiatu ginen eta lagundu egin genien. Horren ondotik atsedenaldia iritsi zen, eta momentu horretan bertze gauza batek harritu ninduen; txirrina moduan betiko soinu horietako bat izan beharrean musika erabiltzen dute ikastola horretan.

Atsedenaldiaren ondoren udaltzain bat etorri zen gelara eta bide-heziketa izan zuten ikasleek. Udaltzainak joku eta ariketen bidez eguneroko istripuak eta egoerak sahiesten irakatsi zien eta ikasleak oso adi egon ziren.

Bazkaldu ondoren ingelesa zuten, baina umeak klasera sartzean oso aztoratuta zeuden eta isiltzen ez zirenez ingeleseko irakasleak argiak itzali egin zituen; dirudienez hori egitean, ikasleek badakite gaizki jarduten ari direla eta bakoitza bere lekuan eseri eta isildu egin behar direla.

Azkeneko klasea haien tutorearekin izan zen, baina errespeturik ez diotela konturatu nintzen, izan ere ez dira isilik egoten eta nahiz eta irakaslea zerbait azaltzen egon, ez dute jaramonik egiten.

Eguna amaitzerakoan, irakasle batek baino gehiagok oso klase mugitua egokitu zaidala erran zidaten eta behar bada gogorra egingo zaidala, baina nire ustez modu honetan gehiago ikasteko aukera izanen dut.
Aipatu beharreko beste gauza bat, umeek nire izena erraterakoan izan dudan sentsazioa da; zalantzaren bat zutenean edo laguntza behar zutenean nire izena errateak oso sentsazio polita sortu dit, eta zerbait azaltzen nienean ulertu egiten zutela ikusteak poztasun handia sortu dit ere bai.