Iritsi da eguna. Praktiketan hasi naiz Herri Ametsa ikastolan, 4.A ikasgelan egonen naiz hilabete batez.
Hasieran urduri nengoen, ez nuen ikastola ezagutzen, irakasleak, ikasleekin lehenengo harremana... Baina ikasgelan sartu eta bertako tutorearekin hitz egin ondoren eta umeak ikustean urduritasunak alde batera utzi nituen eta momentuaz gozatu eta ikasten hasi nintzen.
Ikasleak inolako lotsarik gabe hurbiltzen ziren niregana eta galderak egiten zidaten: "Nor zara? Nola izena duzu? Zer egiten duzu hemen? Noiz arte geratuko zara?". Horrek aunitz harritu ninduen, izan ere nik haien adina nuenean oso lotsatia nintzen eta ez nintzen ezezagun bati lotsarik gabe hitz egitera ausartzen.
Klaseak hasi ziren eta azterketak zituzten lehenengo eta bigarren orduan, beraz mahaiak banandu eta azterketa egiten hasi ziren. Orduan, irakaslea eta nik haien zalantzak argitzen saiatu ginen eta lagundu egin genien. Horren ondotik atsedenaldia iritsi zen, eta momentu horretan bertze gauza batek harritu ninduen; txirrina moduan betiko soinu horietako bat izan beharrean musika erabiltzen dute ikastola horretan.
Atsedenaldiaren ondoren udaltzain bat etorri zen gelara eta bide-heziketa izan zuten ikasleek. Udaltzainak joku eta ariketen bidez eguneroko istripuak eta egoerak sahiesten irakatsi zien eta ikasleak oso adi egon ziren.
Bazkaldu ondoren ingelesa zuten, baina umeak klasera sartzean oso aztoratuta zeuden eta isiltzen ez zirenez ingeleseko irakasleak argiak itzali egin zituen; dirudienez hori egitean, ikasleek badakite gaizki jarduten ari direla eta bakoitza bere lekuan eseri eta isildu egin behar direla.
Azkeneko klasea haien tutorearekin izan zen, baina errespeturik ez diotela konturatu nintzen, izan ere ez dira isilik egoten eta nahiz eta irakaslea zerbait azaltzen egon, ez dute jaramonik egiten.
Eguna amaitzerakoan, irakasle batek baino gehiagok oso klase mugitua egokitu zaidala erran zidaten eta behar bada gogorra egingo zaidala, baina nire ustez modu honetan gehiago ikasteko aukera izanen dut.
Aipatu beharreko beste gauza bat, umeek nire izena erraterakoan izan dudan sentsazioa da; zalantzaren bat zutenean edo laguntza behar zutenean nire izena errateak oso sentsazio polita sortu dit, eta zerbait azaltzen nienean ulertu egiten zutela ikusteak poztasun handia sortu dit ere bai.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina