Bilatu blogean

2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

PRAKTIKUM 1: ordezkapena

Kaixo !

Gaur goizean nire ikasgelan egon naiz egun hauetan bezala, ikasleei laguntzen eta irakaslearekin klasea eman eta laguntzen ere bai. Baina ikastolako zuzendaria etorri da eta zenbait irakaslek 14:30-16:30tara bilerak zeuzkatela esan dit, eta ondorioz praktiketakoek ordezkapenak egin beharko genituela.

Niri Haur Hezkuntzako 3 urtekoen gela bat egokitu zait, baina arratsaldean zuzenean klasean sartu beharrean, klasea baino lehenago joan naiz haurrak ezagutu eta haien tutorearekin hitz egitera; tutoreak egin beharrekoa azaldu dit eta ikasgelaren antolakuntza nolakoa den esan dit.

Ikasgela txokoetan banaturik dago: etxearen txokoa, eskulanak egitekoa, piezekin eraikitzeko eta autoekin jolasteko txokoa, marrazteko eta mahaiak dauden txokoa... Ikasleek arropa eta motxilak klasetik kanpo uzten dituzte, bakoitzak zintzilikatzeko leku bat dauka bere izena eta argazkiarekin. Klaseko paretan bi kartulina daude, etorri diren haurrak kontrolatzeko eta etxean geratu daudenak zein diren jakiteko; bertan, izenak eta argazkiak jartzen dituzte.

Umeekin egon naizen denbora horretan, lehenik ipuin bat irakurri diet eta haurrak lurrean eseri dira nire parean. Oso ongi portatu dira eta adi-adi egon dira ipuina irakurri bitartean. Gero txokoetan aritu dira, marrazten, plastilinarekin jolasten, etxean panpinekin...baina ume batzuk korrika eta gainerakoak molestatzen hasi dira eta denen arreta lortzeko abestu eta dantzatu egingo genuela esan diet. Orduan, hainbat abesti kantatu eta dantzatu ditugu, haiek nik egiten nuena kopiatzen zuten bitartean eta ondoren lurrean jarri gara eta txaloak eman bitartean "pintto-pintto" abestu dugu. Gero, ganbarara joan gara parkera ateratzeko eguraldi aproposa ez zegoelako eta azkenik, klasera bueltatu berokiak jantzi, motxilak hartu eta autobusera eta gurasoengana eraman ditut.

Irakasleak umeak errezago eramateko leku batetik bestera, soka bat erabiltzen du, denek soka horri heldu eta zintzo-zintzo ibilitzeko. Klasean berriz, koloreak erabiltzen dituzte txoko bakoitza zein den adierazteko.

Azkenik, aipatu beharreko berezitasun bat, klase horretan mutiko berezi bat dagoela da; irakasleak esan dit berezia dela, ez baitu hitz egiten eta denbora guztian egiten ari dena kontrolatu egin behar delako. Nirekin nahiko ongi portatu da, nahiz eta tarteka gauzak lurrera botatzen hasi, bere lagunek eraikitzen zituzten gauzak hautsi edo lagunak bultzatu. Baina oso maitagarria dela ere erakutsi dit, izan ere, muxuak eman dizkigu bere lagunei eta niri.

Oso esperientzia polita izan da eta gainera Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lan egiteko modua konparatu ahal izan dut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina