Aupa !
Maialen Arrieta naiz, Elgorriagakoa (Nafarroa). 18 urte ditut eta duela urte bat hasi nintzen magisteritza ikasten EHU-n.
Donostiara etortzea aldaketa handia izan zen niretzat, izan ere, orain aste-tartez Donostian bizi naiz pisu batean, eta soilik asteburuetan bueltatzen naiz nire herrira.
Hasieran gogorragoa egingo zitzaidala uste nuen, ez bainuen inor ezagutzen eta hiri batean bizitzeko ideia ez zaidalako inoiz burutik pasa, ni 200 biztanle inguruko herri txiki batekoa bainaiz.
Orain haurtzarora salto bat egingo dut, nire esperientziak kontatuz:
HH eta LH Doneztebeko San Miguel eskolan egin nituen. Eskola horretara Malerrekako herri gehienetako haurrak joaten dira (Doneztebe, Elgorriaga, Urrotz, Behintza-Labaien, Legasa, ...) eta beraz, txikitatik herri desberdinetako lagunak egiten ditugu.
Nire kasuan, oso lotsatia nintzen eta gainerako haurrekin harremanetan jartzea pixka bat kostatzen zitzaidan, baina zorionez hagitz lagun onak egin nituen eta oroitzapen onak ditut. Klaseko txikiena eta gazteena izan naiz beti, eta beraz nire lagunek "ni zaintzeko beharra" ikusten zuten.
Gogoratzen ditudan esperientzia eta irakasle gustokoenak LH garaikoak dira, batez ere lehenengo zikloan izan nuen tutorea, Pilartxo. Irakasle ona, maitagarria eta beti laguntzeko prest zegoen; gustura joaten nintzen eskolara eta gure interesa pizten zuen, baina egun batean haurdun zegoela erran zigun eta eskolatik joan behar izan zuen. Momentu hori nahiko tristea izan zen gu denontzat, baina ez nuen berarekin kontaktua galdu, izan ere bere helbidea eman zigun eta elkarri eskutitzak idazten genituen (oraindik etxean gordeta ditudala uste dut).
Beste esperientzia ahaztezin bat, LH-ko 5.mailan gaztelaniako irakaslearekin estatu-mailako txapelketa batean parte hartu genuenekoa da, "¿Que es un rey para ti?" izenekoa. Klaseko bakoitzak, erregeari buruzko lan bat idatzi genuen eta horrekin batera marrazki bat ere bai. Sorpresa izugarria izan zen egun batean klasera joan eta txapelketa horretako Nafarroako irabazleetako bat izan nintzela erran zidatenean, nire eskolako bertze bi lagunekin batera, baina ez genuen estatu-mailan irabaztea lortu.
DBH Donezteben egin nuen ere bai, Mendaur institutuan eta urte horietako esperientziarik hoberena Ikasbidaia izan zen dudarik gabe. 4. DBH-ko kurtso guztian zehar patata-tortila pintxoak, bizkotxoa, kamisetak etab. saldu genituen dirua ateratzeko, eta azkenik ekainaren 20tik 26ra Salouera joan ginen monitore batzuekin. Egun paregabeak izan ziren, egunez lekuak bisitatuz eta gauez besta eginez, horrela denen arteko harremana hobetzea lortuz.
Azkenik, batxilergoa Lekaroz BHI-n egin nuen, bertan DBH eta batxilergoa daude. Duela urte aunitz, barnetegi bat zen, eta apaizek ematen zituzten klaseak, baina gaur egun institutu arrunt bat da eta Baztan, Bertizarana eta Malerrekako ikasleak joaten dira bertara ikastera.
Lekarozko institutua, lehen eta orain:
Denek diote batxilergoko urteak ikaslearen urterik gogorrenak direla, baina niri ez zait hain gogorra egin, nahiz eta batzuetan azterketengatik gaizki pasatu. Azken finean, kurtsuan zehar lan egin nuenez, ez nuen arazorik izan.
Selektibitatea Iruñean egin nuen, eta egun horiek bertan pasa nituen lagun batzuekin batera pisu batean. Hagitz ongi pasa genuen eta egun horietako hagitz oroitzapen politak ditut.
Hona hemen selektibitatea egitera joan gineneko argazki bat: