Bilatu blogean

2015(e)ko irailaren 27(a), igandea

2015(e)ko irailaren 18(a), ostirala

La competencia digital-Jordi Adell

Kaixo lagunok !

Aste honetan blogarekin hasteko sarrera bat egin dugu, guri buruz pixka bat idatziz eta haurtzaroko oroitzapenetara jauzi bat emanez.

Horrez gain, teknologiak ekarri dituen aldaketei buruzko hausnarketa egin dugu eta horrek genero artean izan duen eragina azaldu.

Ondotik honako bideo hau ikusi dugu, hurrengo arte!



TEKNOLOGIA ETA GENEROA



Nire haurtzaroa gaur egungo haurrenarekin konparatzen badut, desberdintasun aunitz aurkituko ditut, bai teknologiari dagokionez, jostailuak, ikasteko modua...dena aldatuz doa.

LH-n nengoenean liburuen bitartez ikasten genuen, papera eta arkatza erabiliz eta eskuz idatziz. Irakasleak arbelean idazten zuen eta gauzak azaltzen zizkigun, eta guk hori kopiatu egiten genuen. Baina orain, arbela digitalak daude eskola ia guztietan, eta baita ordenagailuak ere.

Ordenagailuak erabiltzeak baditu alde onak, noski baietz; informazio gehiago lortu dezakegu denbora gutxian, albisteetaz konturatu, hainbat liburu eramatea baina komodoagoa da ordenagailu bat eramatea... eta ondorioz eskolarako erabiltzea ona izan daiteke bere neurrian ere bai.

Baina "arazoa", teknologia berri hauek denbora-pasa bezala edo entretenimendu bezala erabiltzerakoan dago, izan ere jolasteko edo denbora pasatzeko modua ere aldatu da teknologiarekin batera.
Gu kalera irteten ginen lagunekin jolastera eta futbolean, panpinekin, dantzan, eskubaloian, ezkutaketan...igarotzen genuen arratsalde guztia. Nire herria txikia denez, neskak eta mutilak denak elkarrekin aritzen ginen eta oso ongi pasatzen genuen, nahiz eta zenbait jokutan aritzeko genero desberdintasuna nabaritu, izan ere, neskak txikiak direnean panpinekin jolasten dira, eta mutilak berriz, kamio eta autoekin gehiago. Teknologiari dagokionez, mutilak batez ere play station-arekin aritzen ziren (futbol jokuetan, borrokan..) eta neskak nintendoarekin edo "sing star" eta horrelako jokuetan.
Baina gaur egun umeak ez dira hainbertze kanpora ateratzen, orain, haur gehienek nintendoak dituzte, tabletak, mugikorrak..eta gainera, genero bakoitzarentzako jokuak asmatu dira, horrela bereizketa bultzatuz, "neskena edo mutilena" dena adieraziz.

Eskolatik etxera iristerakoan segituan horiek hartu eta horiekin igarotzen dute arratsalde guztia, edota telebista ikusten; eta bai, egia da gurasoentzat askoz ere komodoagoa dela umeak aparailu horien aurrean utzi eta beraiek lanak arazorik gabe egin ahal izatea, denborarik "galdu gabe", baina hori ez da ona umeentzat.

Gauza guztiak bezala, teknologia berriak ongi daude eta abantaila handia dira, baina bere neurrian erabiltzen baditugu.

2015(e)ko irailaren 15(a), asteartea

Haurtzaroko oroitzapenak

Aupa !
Maialen Arrieta naiz, Elgorriagakoa (Nafarroa). 18 urte ditut eta duela urte bat hasi nintzen magisteritza ikasten EHU-n. 
Donostiara etortzea aldaketa handia izan zen niretzat, izan ere, orain aste-tartez Donostian bizi naiz pisu batean, eta soilik asteburuetan bueltatzen naiz nire herrira. 
Hasieran gogorragoa egingo zitzaidala uste nuen, ez bainuen inor ezagutzen eta hiri batean bizitzeko ideia ez zaidalako inoiz burutik pasa, ni 200 biztanle inguruko herri txiki batekoa bainaiz.



Orain haurtzarora salto bat egingo dut, nire esperientziak kontatuz:
HH eta LH Doneztebeko San Miguel eskolan egin nituen. Eskola horretara Malerrekako herri gehienetako haurrak joaten dira (Doneztebe, Elgorriaga, Urrotz, Behintza-Labaien, Legasa, ...) eta beraz, txikitatik herri desberdinetako lagunak egiten ditugu. 
Nire kasuan, oso lotsatia nintzen eta gainerako haurrekin harremanetan jartzea pixka bat kostatzen zitzaidan, baina zorionez hagitz lagun onak egin nituen eta oroitzapen onak ditut. Klaseko txikiena eta gazteena izan naiz beti, eta beraz nire lagunek "ni zaintzeko beharra" ikusten zuten.

Gogoratzen ditudan esperientzia eta irakasle gustokoenak LH garaikoak dira, batez ere lehenengo zikloan izan nuen tutorea, Pilartxo. Irakasle ona, maitagarria eta beti laguntzeko prest zegoen; gustura joaten nintzen eskolara eta gure interesa pizten zuen, baina egun batean haurdun zegoela erran zigun eta eskolatik joan behar izan zuen. Momentu hori nahiko tristea izan zen gu denontzat, baina ez nuen berarekin kontaktua galdu, izan ere bere helbidea eman zigun eta elkarri eskutitzak idazten genituen (oraindik etxean gordeta ditudala uste dut).
Beste esperientzia ahaztezin bat, LH-ko 5.mailan gaztelaniako irakaslearekin estatu-mailako txapelketa batean parte hartu genuenekoa da, "¿Que es un rey para ti?" izenekoa. Klaseko bakoitzak, erregeari buruzko lan bat idatzi genuen eta horrekin batera marrazki bat ere bai. Sorpresa izugarria izan zen egun batean klasera joan eta txapelketa horretako Nafarroako irabazleetako bat izan nintzela erran zidatenean, nire eskolako bertze bi lagunekin batera, baina ez genuen estatu-mailan irabaztea lortu.

DBH Donezteben egin nuen ere bai, Mendaur institutuan eta urte horietako esperientziarik hoberena Ikasbidaia izan zen dudarik gabe. 4. DBH-ko kurtso guztian zehar patata-tortila pintxoak, bizkotxoa, kamisetak etab. saldu genituen dirua ateratzeko, eta azkenik ekainaren 20tik 26ra Salouera joan ginen monitore batzuekin. Egun paregabeak izan ziren, egunez lekuak bisitatuz eta gauez besta eginez, horrela denen arteko harremana hobetzea lortuz.

Azkenik, batxilergoa Lekaroz BHI-n egin nuen, bertan DBH eta batxilergoa daude. Duela urte aunitz, barnetegi bat zen, eta apaizek ematen zituzten klaseak, baina gaur egun institutu arrunt bat da eta Baztan, Bertizarana eta Malerrekako ikasleak joaten dira bertara ikastera. 

Lekarozko institutua, lehen eta orain:





Denek diote batxilergoko urteak ikaslearen urterik gogorrenak direla, baina niri ez zait hain gogorra egin, nahiz eta batzuetan azterketengatik gaizki pasatu. Azken finean, kurtsuan zehar lan egin nuenez, ez nuen arazorik izan. 
Selektibitatea Iruñean egin nuen, eta egun horiek bertan pasa nituen lagun batzuekin batera pisu batean. Hagitz ongi pasa genuen eta egun horietako hagitz oroitzapen politak ditut.

Hona hemen selektibitatea egitera joan gineneko argazki bat: